viernes, 5 de diciembre de 2014

Ibiltaria

Pausoz pauso, atseden nimiñorik hartu barik, aurrera noa. Eguzkia parez pare dut, eta izpiek euren besoetatik askatuko ez nautelakoan nago. Izerdi tantek tximisten antzerako lerro finak irudikatu dizkidate jada aurpegian.

Ur bila noa, egunero lez, gertuen dudan ibaira. Lan nekeza da, baina ez dut beste aukerarik, aspaldi konturatu bainintzen kexatzeak ezer gutxirako balio duela, zoritxarrez. Ontzia buru gainetik jaitsi eta ur preziatuaz bete dut, pare bat egunerako nahikoa izatea espero dut.

Herrixkara naraman bidea jarraitu aurretik, naturaren opari horrekin bat egitea erabaki eta bertan murgildu dut burua, horrela ideiak ere freskatuko banitu bezala. Bularraldean daramadan neska txiki politari ere uneaz gozatzeko aukera eman diot, eta gorputza urez zipriztindu diodanean irribarre zabala oparitu dit. “Hitz ematen dizut, egunen batean, ura gugana etorriko dela, mendebaldeko herrialdeetan egiten duen bezala, eta ez duzula haren bila joan beharko”- esan diot goxo-goxo, itzulerari hasiera ematen nion bitartean.

No hay comentarios:

Publicar un comentario