sábado, 9 de diciembre de 2017

Iluntasuna

Goizeko zortziak izateke dira eta eguneko lehen argi izpiak pertsianen zirrikituen artetik islatu dira dagoeneko. Eguzkiaren antzera, esnagailua ere lanean hasi da: jaikitzeko ordua. Gaueko loari esker indarberritu ordez, ahul esnatu zara, ia egunero lez.

Kolore ilunak dituzu atsegin, zure izaeraren pareko baitira. Argala zara oso, baita altua ere. Londreseko denda jendetsuetan alde batetik bestera ibiltzeak lasaitzen zaitu, jendetzaren artean inork ez baitio antzemango nor zaren. Lotsatia zarela dirudi, baina ez da guztiz egia: nekatuta zaude gutxietsi zaitzaten. Inori ez zaio axola zu zapaltzea. 

Eguna pasa ahala, ordura arte galdutako indarra berreskuratzen hasten zara. Berdin zaizu zure ekintzen etekina beste pertsona batek lortzea edo argazkietan zure isla bakarrik ikustea; izan ere, zure egoera berean dauden beste askorekin elkartzen zara. Elkartasunak indarra ematen dizu. 

Ilunabarra egunaren jaun eta jabe egiten ari da, agurra margotu dute eguzki printzek zeruan. Iluntasunarekin bat egin duzu, eta horri esker, itzal maskala izateari utzi diozu. Zeru osoan zehar nagusitu zara, baina badakizu egunero lez ahultasunera itzuliko zarela eguzkiaren dirdirek liluratzen zaituztenean. 


#ZendaIpuinak

No hay comentarios:

Publicar un comentario